Gure blog-a

Taldeka Digitala, mundu digitalean ekiten

Autoenplegurako aukerak ugaritu egiten dira ingurune digitalei buruz hitz egitean. Ideia horretan oinarrituta dago Taldeka Digitala, ingurune digitaleko jarduerei lotutako negozio ideiak abian jarri nahi dituzten pertsonak laboralki aktibatzeko programa. Helburu hori lortzeko, ekiten irakatsi nahi die, gutxienez ehuneko hirurogeik lanpostu propioa sor dezaten. Gaur egun, DEMAk abian du programaren hirugarren deialdia, eta datorren azaroaren 10era arte irekita egongo da eskaerak jasotzeko epea. Une horretatik aurrera, Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak gehienez 15 pertsona aukeratuko ditu ekintzailetza taldea osatzeko. Pertsona horiek formakuntza, laguntza eta aholkularitza jasoko dituzte, eta horrek enpresa berrietan gauzatuko diren ekimenak eta sinergiak sortzea mesedetuko du. Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak programaren bi edizio sustatu ditu dagoeneko, DEMA agentziaren bidez. Lehenengo edizioan 11 pertsonak parte hartu zuten, eta 6 enpresa eratu ziren. Bigarrenean, aldiz, 9 pertsonak parte hartu zuten, eta 7 enpresa eratu dira.

Taldeka digitala 2019

Taldeka Digitala programak mundu digitalean ekiteko tresnak, metodologiak, ikuspegiak eta gomendioak ematen dizkie parte hartzaileei. Programari esker, merkatu berriak, ekintzailetza digitalaren ekosistema, horren abantailak eta finantzazio aukerak ezagutzen dituzte, besteak beste.

Aintzat hartzeko modukoa bada ere, ez da nahitaezko baldintza aldez aurretik mundu digitalarekin lotutako enpresa ideia bat edukitzea. Negozio ideia jatorritik izan daiteke digitala (app, game, programa, e-commerce…), edo sektore tradizional baten barruko osagai baten garapen edo eraldaketa digitala izan daiteke. Era berean, ez da beharrezkoa teknologiari buruzko formakuntza espezifikoa edukitzea; aski da on-line inguruneetan ekiteko gogoa izatea.

Eremu digitaleko ekintzailetzaranzko bidea

Taldeka Digitala lau astez garatzen da, eta astean lau egunetan eskaintzen ditu saioak, bakoitza 4 ordukoa. Parte hartzaileek modu intentsiboan lantzen dituzte negozio digital bat abian jartzeko eta kudeatzeko funtsezkoak diren hiru gai: ezagutza, produktua eta harremanak. Espezialisten tutoretzapean aritzen dira, eta gai horietako profesionalen aholkularitza jasotzen dute.

Azken urratsa Demo Day batean ekintzailetza digitaleko agenteen eta business angel posibleen aurrean proiektu bakoitza defendatzea izaten da.

Arrakasta kasuak

“Asko ikasi nuen. Ez nuen espero hainbeste etekin ateratzea. Oraindik ere berrikusten ditudan ohar pila bat dauzkat”. Jasone Irastorza. Main Loop (bideo-jokoen sorkuntza); Taldeka Digitala programaren 1. edizioa

Duela gutxi aitortu du DEMAk Main Loop enpresaren etorkizun itzela Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren 30. urteurrenaren ekitaldian. Kasualitatez eta eszeptizismoz josita iritsi ziren Taldeka Digitala programara, baina ustekabe atsegina jaso zuten. PlayStation Talents ekimenaren baitako haztegi batetik zetozen, eta nahiko aurreratuta zuten negozio ideia. Taldeka Digitala programan parte hartu zuten bitartean eratu zuten Main Loop. Jasonek ekintzailetza taldean sortutako giroa azpimarratu du bereziki. Gaur egun, oso ideia

berritzaileak barne hartzen dituzten proiektuetan murgilduta daude; autismoa bideo-jokoetan txertatzea da ideia horietako bat. Main Loop jada atera da Europara eta Amerikara.

“Taldeka Digitala programak konfiantza eta babesa ematen dizkizu, eta harreman sarea ehuntzen laguntzen dizu”. Naiara Valera. República Vegana (produktu beganoen e-commercea); Taldeka Digitala programaren 1. edizioa

Naiarak dio programan parte hartzea “abentura bat” izan zela. Negozio ideia zehatzik gabe iritsi zen Taldeka Digitala programara, baina ekiteko gogoa zuen, zerbait abian jartzeko gogoa, bere lan etorkizuna gobernatzekoa. Beti lan egin izan zuen besteren kontura. Taldeka Digitala programak ekintzailetzaren gaineko beldurrak uxatzen lagundu ziola dio. Haren ustez, DEMAk eskainitako tutoretza eta laguntza dira programaren alderdi positiboenetako bat. Taldea, gainerako taldekideen ezagutza arloetatik ikasi ahal izatea eta atzeraelikadura ere oso aberasgarriak iruditu zitzaizkion. Gaur egun, bere on-line denda martxan jartzear da.

“Taldeka Digitala programak ideia negozio bihurtzen lagundu digu”. Iñaki Aguirre. Webrain (e-sports arloko analitika); Taldeka Digitala programaren 2. edizioa

Iñakik ahoz aho izan zuen Taldeka Digitala programaren berri, eta ekintzailetzaren gaineko zalantzak argitzen lagunduko ziela sinetsita iritsi ziren bertara. Gutxi gorabehera zehaztuta zuten negozio ideia; bazekiten nora heldu nahi zuten, eta Taldeka Digitala programari esker ideia hura “norabide zentzuzkoenean” bideratu zuten. Webrain enpresak bazkide tekniko bat du Madrilen, Rafal Iawoski, eta AiPower-en laguntza dauka. Programan parte hartu ostean eratu zuten enpresa. Iñakik azaldu duenez, DEMAk negozio planaren bideragarritasuna aztertzen eta arlo zehatzak finkatzen lagundu die. Publikoarentzako plataforma bat atera nahi dute urtarrilerako, eta nazioarteko merkatura jauzi egin 2021erako. Gaur egun, Webrain biometriako enpresekiko partnership prozesuetan murgilduta dago. Helburutzat du jokalariei beren ahalmenak optimizatzen laguntzea beren datu fisiologiko eta kognitiboak neurtuz eta aztertuz.