Gure blog-a

Abian da Millennials Programaren bigarren edizioa

Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatu Teresa Laespadak eta DEMA Bizkaiko Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren zuzendari kudeatzaile Marivi Riolek Millennials 1000×1000 Programaren bigarren edizioa aurkeztu dute Bilboko Bizkaia Aretoko Arriaga aretoan; haiekin batera izan dira programan parte hartuko dutenak, enpresetako arduradunak, hizlariak eta DEMAko eta Saileko langileak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailak, DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren bitartez, Millennials 1000×1000 programaren bigarren edizioa abiarazi zuen urrian; curriculumez kanpoko praktiken programa berritzailea da Millennials 1000×1000, Z belaunaldiko gazteen (1995. urtetik 2010. urtera bitarteko jaiotakoen) ezaugarriei balioa eman eta gazte horien enplegagarritasuna hobetzeko asmoa duena, enpresaren mundua eta millennials gazteak gerturatuta.

Azarotik 2020ko urtarrilera bitarte, belaunaldi horretako 15 gazte ari dira Millennials 1000×1000 programaren lehen fasean parte hartzen, hau da, Coach enpresetan curriculumez kanpoko praktikak egiten; enpresa horiek punta-puntakoak dira kudeaketan, Euskaliten Kudeaketa Aurreratuko ereduaren errekonozimendua dute, eta gazteei kudeaketa ereduaren berri izateko aukera ematen diete, Komunikazioa eta Marketinaren, Giza Baliabideen edo Kudeaketaren arloetako lanak egiten dituzten bitartean. Lehen fase honetan, gazte bakoitzak hilean 400 euroko ekarpena jasoko du.

Parte-hartzaileak ikasleak dira: EHUn Politika Zientziak eta Kudeaketa Publikoa, Soziologia, Kazetaritza, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Marketina eta Merkataritza Zuzendaritza Masterra ikasten ari dira, The Power MBAko Master Business Administrazioa, eta Mondragon Unibertsitatean Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua. 96 gazteren artetik hautatuak izan ziren, eta gaur egun ordaindutako praktikak egiten ari dira honako enpresa hauetan: Gorabide, Gariza Produkzioak SL (Azurmendi), Bcam, Bizitegi, Gizakia, Histocell, Lantegi Batuak Parke eta AXA.

Bigarren fasean Erronka enpresetan curriculumez kanpoko praktikak egingo dituzte; praktiketan dauden gazteek komunikazioarekin, Giza Baliabideekin edo marketinarekin lotutako enpresa erronka bati aurre egiten lagundu behar dute Erronka enpresetan eta, horretarako, coach enpresetan eskuratutako jardunbide egokien eta jasotako ikaskuntzaren transferentzia egin behar dute. Bigarren fase honetan, gazte bakoitzak 500 euroko ekarpena jasoko du.

Teresa Laespadak aurkezpenean gogorarazi zuen zein garrantzitsua den

“berritzaile izatea gure programetan eta herritarrentzat lan egiteko gure moduetan eta, horretarako, Millennials bezalako programak finkatu, sendotu egin behar direla, lehenengo edizioan ia % 70eko laneratzea lortu baitzuen”.

 

Elkarrizketak, lehenengo pertsonan