NOTICIAS

Lan Behatokia

ALDUNDIAK LAN BEHATOKI BAT AURKEZTU DU, BIZKAIAN SORTZEN ETA SUNTSITZEN DEN ENPLEGU MOTA EZAGUTZEKO AUKERA EMANGO DUENA

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Lan Behatokia txostena aurkeztu du gaur. Bizkaiko lan-egoera aztertzen duen txosten estatistiko bat da, hiru hilean behin argitaratuko dena. Txostenak ezberdintasun bat dauka beste batzuekin alderatuta; izan ere, ondoz ondoko bi hiruhilekotan langileek izan dituzten laneko trantsizioak aztertzen ditu, eta, hala, erantzuna ematen dien funtsezko galdera batzuei: nortzuk diren (demografikoki) lana galdu dutenak eta nolako lana zuten; langabetuen artean nortzuk aurkitzen duten lana eta nolako lana aurkitzen duten. Txostenaren aurkezpenean, Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak azaldu du analisirako tresna honek Aldundiak enplegua sustatzeko dituen politiken diseinua dagoen errealitatearen arabera egokitzeko aukera emango duela, errealitatearen argazki erreal eta eguneratu batetik abiatuta, eta, hala, Aldundiak lan-merkatuaren beharrizanetara egokituago egongo den erantzun bat emateko aukera izango du. Merkatu horren egoera monitorizatzeko eta Aldundiaren politikekin merkatu horretan eragin daitekeen jakiteko aukera emango duela erantsi du.

El Diputado de Promoción Económica, Imanol Pradales, junto a Sara de la Rica
Bizkaiko Lan Behatokia txostenak bi zati ditu. Lehenengoan, 16 urtetik gorako biztanleen banaketa aurkezten da, ezaugarri demografikoen arabera (generoa, adina eta okupazioa), eta, gero, biztanleria okupatua aztertzen du, ezaugarri horien arabera, eta beste batzuen arabera, hala nola, egiten duten jarduera-mota, okupazioa edo daukaten kontratu mota. Azken azterketa hau langabetuen inguruan ere egiten da, haien ezaugarri demografikoak eta langabezian daramaten denbora kontuan hartuta.

Txosten honen bigarren zatiak ekimen honen berritasun nagusia aurkezten du: ondoz ondoko bi hiruhilekotan langileek izan dituzten laneko trantsizioak aztertzen dituena da. Horrenbestez, langile okupatuen enplegu-galera aztertu ahal da, baita aurreko epean langabetuek lortu duten enplegua ere. Analisi honekin galdera hauek erantzun ahal dira: nork galtzen edo aurkitzen duen lana eta nolakoak diren enplegua galdu edo aurkitzen duten okupazioak.

Bizkaiko Foru Aldundiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako akordio baten bidez sustatu du azterlan hau. Unibertsitate horretako aditu talde batek aztertu ditu Bizkaiko Lan Behatokia txostenaren oinarrian dauden datu estatistikoak, Sara de la Rica Ekonomiako katedradunaren zuzendaritzapean.

Txosten hau Bizkaiko Aldundiaren www.bizkaia.net web orrian kontsultatu ahal izango da, Ekonomia Sustatzeko Saileko txostenak eta argitalpenak agertzen diren atalean.

.