Actualidad Dema

DEMAk beste anezka bat prestatu du, datozen hilabeteetan garatu behar zituen laurekin batera abiarazteko

Pandemia gorabehera, anezketako parte-hartzaileen laneratze-maila % 60tik gorakoa izan da; gehienak emakumeak izan dira.

Laespada: “Pertsonengan sinestea da politika publikoek egin dezaketen inbertsiorik onena”

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak, DEMA Foru Agentziaren bitartez, enpleguko bost anezka jarriko ditu martxan; horietan, 75 pertsonak parte hartuko dute. Aldundiaren ekimen horren bidez enpleguko 36 anezka garatu ahal izan dira Bizkaian 2016. urteaz geroztik.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren bitartez (DEMA), enpleguko bost anezka jarri ditu martxan, hau da, hasieran aurreikusitakoak baino bat gehiago. Hurrengo urteko otsailaren amaierara arte garatuko dira anezka horiek.

Enpleguko anezketan 75 pertsonak parte hartuko dute. 2016. urteaz geroztik, foru-ekimen horri esker, enpleguko anezken 36 deialdi egin dira Bizkaian eta, horietan, 701 pertsonak (453 emakume eta 248 gizon) parte hartu dute. Pertsona horien laneratzea % 60,77koa izan da (426 partaide: 277 emakume eta 149 gizon).

Programa honen helburua da langabeen artean beharrezko trebakuntza sustatzea, lana modu eraginkorragoan bilatzeko.

Anezka bakoitza gehienez 15 pertsonek osatuko dute, baina honako baldintza hauek bete behar dituzte: langabetuak izatea edo enplegua hobetzeko prozesuetan sartuta egotea, eta Lanbiden izena emanda egotea. Astean hiru saio egingo dira: aurrez aurreko bi saio (lau ordukoak) eta saio bat online (bi ordu eta erdikoa). Lau hilabetetan zehar partaideek talde heterogeneoak osatuko dituzte, gaitasunak eta jarrerak hobetzeko eta besteren kontura zein norberaren kontura enplegua lortzeko.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak gogorarazi du programa honen aldeko apustua joan den legealdian egin zela eta «datuei erreparatuz» arrakastatsua izan dela, baina, gainera, gizakiaren  ikuspegitik, «hobetu dutenen eta lan-merkatura bueltatu direnen hainbat historia daude». Laespadaren esanetan: «Pertsonengan sinestea politika publikoaren inbertsio onena da».

Anezka-Enplegu Anezka izeneko programa DEMAren, Enpleguaren Foru Sailaren eta Santa Maria la Real Fundazioaren arteko lankidetzaren emaitza da, eta honako hau eskaintzen die partaideei:

  • Taldeko saioak, zeinetan prestakuntza-pilulen, taldeko dinamiken eta taldeko lanaren bidez lan egiten den
  • Anezka koordinatzen duenarekin saio pertsonalizatuak egiteko aukera
  • Harremanak enpresekin eta saioak giza baliabideen arduradunekin
  • Lana bilatzearekin zuzenean lotutako gaietan adituekin tailerrak
  • Negozio-ideia duten pertsonentzako ekintzailetza-tailerrak eta ekintzailetza-ibilbide praktikoa

Bizkaiko biztanle guztiek parte har dezakete enpleguko anezketan. Are gehiago, kasu honetan, batez ere Ezkerraldetik eta Meatzaldetik, Nerbioi-Ibaizabaletik, Eskuinaldetik eta Bilbotik etorritako pertsona-taldeekin osatu dira.