Taldeka Digitala, DEMAk (Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak) antolatzen duen programa, bere seigarren deialdia martxan jarri du, mundu globalizatuan ekintzaile izan nahi duten eta jarduera digitalekin zerikusia duten ideiak dituzten pertsonei laguntzeko
Programa honetan parte hartzen duten ekintzaileen % 60k beharrezko tresnak jasotzen ditu negozioa martxan jartzeko, eta, azkenean, lanpostu propioa sortzen du
Laespada: “Taldeka programek sekulako aukera ematen diete ekintzailetzarako gogoa duten pertsonei”
DEMAk Taldeka Digitala foru programaren seigarren deialdi berria urrian ireki du. Ekimen horren helburua, ekintzaile profila eta negozio baten ideia propioa duten pertsonek esparru digitalean autoenplegua sortzea eta ekintzaile horiei laguntzea da, geroz eta globalizatuagoa den munduan enpresa bat sor dezaten.
Hauek dira programan parte hartzeko betekizunak:
- Bizkaian bizitzea.
- Langabezian egotea edo egungo lana hobetu nahi izatea edo ikaslea izatea.
- Adin nagusikoa izatea.
- Ez da beharrezkoa teknologiarekin lotutako prestakuntza izatea.
Foru programa horrek ekintzaileak lehenengo unetik identifikatuko ditu; horiek, era berean, jakin beharko dute azkar mugitu behar dutela ekintzailetza tradizionalarekin alderatuta handiagoa den eremu batean. Arriskuak zure gain hartzeko gaitasuna izateaz gain, iniziatiba eta bezeroenganako orientazioa badituzu eta informazioa aztertzeko eta merkatu digitala ulertzeko gaitasuna baldin baduzu, Taldeka Digitalak zure helburuak lortzen lagunduko dizu.
Honakoak ikasiko dituzu:
- Zure ‘startupa” martxan jartzeko ezinbesteko alderdiak identifikatzea.
- Zure produktua kontzeptualizatzeko metodologia.
- Zure proiektua defendatzeko tresnak erabiltzea.
- Zure negozioa planifikatzea, garatzea eta handitzea.
Edizio berrian izena emateko epea azaroaren 3an bukatuko da. Azkenean programan parte hartuko duten pertsonek ikastaro batean parte hartuko dute astelehenetik ostegunera 10:00etatik 14:00etara, azaroaren 8tik abenduaren 23ra.
Prestakuntza saioak bukatzean, ekintzaileek proiektua defendatuko dute “Demo Day” delakoan; egun horretan, beraien negozio ideia defendatuko dute ekintzailetza digitaleko agenteen aurrean (enpresak, sustatzaileak, adituak, inbertsio funtsak, eta abar).
Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, Teresa Laespadak, adierazi duenez, Taldeka programek “sekulako aukera ematen diete ekintzailetzarako gogoa duten pertsonei”. “Sarritan, ideia bat eta gogoa eduki arren, orientazio eta babes apur bat falta zaie. Behar duten azken bultzada hori Taldeka programan aurkitzen dute”.
“Besteak beste, merkatu berriak, ekintzailetza digitalaren ekosistema, abantailak eta finantziazio-aukerak ulertzeko aukera emango die programak”, DEMAk azpimarratu du.
DEMA Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren menpeko Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentzia da, eta bertako zuzendaria Teresa Laespada foru diputatua da.
[boton texto=”IZENA EMAN” enlace=”http://www.dema.eus/forms/taldekadigitala.php”]