Actualidad Dema

Bizkaiak online ekintzailetza-eskola bat jarri du martxan, gertuko ekintzailetza-proiektuak lagundu eta sendotzeko
Escuela e emprendimiento

Plataforma digital berriak prestakuntza eskuragarri, malgu eta berritzailea eskaintzen du lurraldean sustraitutako negozioak sortu eta sendotzeko

Bilbo, 2025eko abenduaren 9a. El Enplegua, Gizarte-Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak Bizkaiko Ekintzailetza Eskola jarri du martxan, Dema Foru Enplegu eta Ekintzailetza Agentziak kudeatutako plataforma onlinea. Tresna digital aurreratuak eta prestakuntza-eredu eguneratua uztartzen ditu, ekintzailetzari buruzko ezagutza herritar guztiengana hurbiltzeko. Baliabide publiko hau sortu da edozein herritarrek —bere egoera edo udalerria edozein dela ere— proiektu bat diseinatu, sendotu edo abiarazteko aukera izan dezan, aholkularitza espezializatuaren, eduki egokituen eta sarbide etengabearen bidez.

Teresa Laespada Enpleguko, Kohesio Sozialeko eta Berdintasuneko diputatua nabarmendu duenez, “Ekintzailetza Eskola gure apustu berritzailea da Bizkaian autoenplegua eta ekintzailetza profesionalizatzeko. Kalitatezko enplegua da gizarteratzerako tresnarik eraginkorrena, eta ziurgabetasun ekonomikoak eta aurrerapen teknologikoak markatutako testuinguruan, ekintzailetzak babesa eta prestakuntza eskuragarria behar ditu. Tresna honek gertuko ekintzailetzaren aldeko apustuari sendotasuna ematen dio: gure auzoak eta herriak bizirik mantentzen dituen ehunari, funtsezkoa baitira bai herritarrentzat bai Bizkaiko egitura ekonomikoarentzat”.

Lehen lan-ildo nagusia: ekiteko ibilbide osoa, zehaztasunez eta berdintasunean

Eskolaren ardatza ekintza ekonomiko bat abiatu nahi duten pertsonentzat diseinatutako ibilbidea da. Lehenengo atalak ekintzailetzarako gaitasunak lantzen ditu, eta adimen artifizialean oinarritutako tresna batek laguntzen du trebetasunak eta hobetu beharreko arloak identifikatzen.

Hortik aurrera, erabiltzaileak hainbat ikasgela tematikotan egiten du aurrera, enpresa-proiektu baten oinarrizko osagaiak modu progresiboan landuz: hasierako ideiaren azterketa, merkatu-ikerketa, kostuen egitura, inbertsioa, betebehar fiskalak eta administratiboak, baita estrategia komertzialak, komunikazioa eta digitalizazioa ere. Plataformak, era berean, adimen artifizialeko tresnak eguneroko kudeaketan eta jarduera ekonomikoan nola erabili azaltzen duten eduki praktikoak ere baditu.

Materialak Bizkaiko profesionalek prestatu dituzte, ikus-entzunezko baliabide laburren, azalpen-bideoen eta egoera errealak simulatzen dituzten jardueren bidez. Horrela, jatorri eta prestakuntza desberdinetako pertsonek —gaztelania edo euskara ez dutenek ere— aukera berdinetan aurrera egin dezakete. Ibilbidea amaitzean, Eskolak aprobetxamendu-ziurtagiria ematen du.

Bigarren lan-ildo nagusia: eguneratzea eta digitalizazioa martxan dauden enpresentzat

Plataformak badu espazio berezi bat dagoeneko martxan diren enpresentzat, ezagutzak eguneratu eta kudeaketa indartzeko. Baliabideen artean nabarmentzen da Salmenta Eskola, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Salmenta Unibertsitate Eskolarekin elkarlanean garatua, komertzializazio-tekniketan, negoziazioan eta itxieretan sakontzen duten edukiekin.

Horrez gain, “IA enpresarentzat” modulua ere badu, lau bloketan antolatutako 60 bideo baino gehiago biltzen dituena. Bertan azaltzen da adimen artifizialeko tresnak nola txerta daitezkeen eguneroko kudeaketa-lanetan, bezeroarekiko harremanetan eta marketinean. Eduki hori irekia da, erregistratu beharrik gabe, edonork ingurune digital berrira hurbildu ahal izateko.

Hirugarren lan-ildo nagusia: prestatzaileak trebatzea, lurralde-kohesioa sendotzeko

Lan-ildo honen helburua ekintzailetza laguntzen duten profesionalak etengabe eguneratzea da. Espazio honek araudiari, laguntza-metodologiei, esku-hartze-tresnei eta joera berriei buruzko edukiak eskaintzen ditu. Asmoa da lurralde osoan kalitatezko laguntza homogeneoa bermatzea, pertsona ekintzailea non bizi edo lan egiten duen alde batera utzita.

Eskola etengabe hazten den plataforma gisa planteatzen da, eta behar eta erronka berriak sortzen diren heinean osatzen joango da.

Pilotaje-fasean egiaztatutako emaitzak

Eskola duela hilabete batzuk hasi zen proban, benetako baldintzetan funtzionamendua egokitzeko. Ordutik, 404 pertsonak osatu dute ibilbide formakutiboa; irailetik hona, beste 152k. Guztira, 556 pertsona ziurtatu dira. Plataformak 1.000 matrikula baino gehiago gainditu ditu eta Bizkaiko ekintzailetza-ekosistemako 29 erakunderen parte-hartzea jaso du, tartean Dema, Bilbao Ekintza eta Bilboko Merkataritza Ganbera.

Satisfakzio-inkestek harrera oso baikorra erakusten dute: ikasgela guztiek 4,4 edo gehiagoko puntuazioa lortu dute (5etik), eta hori adierazgarri da eredua baliagarria, argia eta profil askotara egokitzeko gai dela.