Actualidad Dema

DEMAk eta Bizkaia Mikrok mikrofinantzen eta ekintzailetza inklusiboaren foru-eredua partekatu dute Madrilen Asociación Española de Microfinanzas-Mikrofinantzen Espainiako Elkartearen aurrean 

Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu duen estrategiaren bidez 2024an 1,7 milioi euroko 62 mikrokreditu bideratu dira.

Bizkaia Mikro, AEM Elkarteko kidea dena, finantza-bazterkeriari buruzko mahaiburua izan da eta urtebetean 235 enplegu sortu direla azpimarratu du. 

DEMAk Enpresari eta Anezkak programen inpaktua egiaztatu du, azken ikasturtean 1.100 pertsona baino gehiago eta 12 enpresa berri artatu baitira.

Bizkaiko Foru Aldundiak ekintzailetza inklusiboari eta mikrofinantzaketa sozialari laguntzeko bere eredua aurkeztu du gaur Madrilen egin den Mikrofinantzen Espainiako Elkartearen (AEM) Urteko Batzarrean. Azalpena Enpleguko eta Ekintzailetzako Foru Agentziak (DEMA) eta Bizkaia Mikrok (mikrofinantzetako foru erakundea eta AEMko kide aktiboa) egin dute. Biak euren esperientzia  arrakasta-kasu gisa aurkezteko gonbidatu dituzte, enplegu-politika publikoak banku-kreditua lortzeko zailtasunak dituzten pertsonei egokitutako finantza-tresnekin integratzeko duten gaitasunagatik. 

Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak,  erakundeen presentzia honen garrantzia azpimarratu du AEMren batzarrean: “Bizkaia Mikro lurralde honetako talentuaren eta sormen-ekintzailearen zerbitzura jartzen dugu, oztopo gehien aurkitzen dituztenei aukera-berdintasuna bermatzeko. Enplegu duinarekiko gure konpromisoa irmoa da: oparotasuna egongo da hazkundea gero eta jende gehiagorengana iristen bada. AEM bezalako erakunde batek gure eredua publikoki aitortzea harro egoteko arrazoia da, eta beste eskualde batzuekin partekatuz eta ikasiz, aurrera egiten jarraitzeko aukera”. 

Bizkaia Mikrok, AEM osatzen duten erakundeetako bat den aldetik, protagonismo nabarmena izan du jardunaldian. Elkarteko  zuzendari-kudeatzaileak, Marcos Salinerok, finantza-bazterketaren kausak, ondorioak eta konponbideak ardatz izan dituen lehen mahai-ingurua moderatu du; mahai horretan Burtsa Sozial, Open Value Foundation, SpainNAB eta Goteo-ko ordezkariek ere parte hartu dute. Bigarren mahai-inguruan ekintzailetza garapen sozial eta ekonomikoaren eragile gisa jorratu da; mahai honetan  DEMA, Gurutze Gorria, OikoCredit eta EmprendES-ek parte-hartu dute eta moderatzailea Elena Martín (MicroBank) izan da. Jardunaldia AEM Elkartearen batzar orokorrarekin amaitu da. 

Foru-eredu eraginkorra, errepikagarria eta benetako eragina duena

AEM Elkarteak DEMAren eta Bizkaia Mikroren arteko lankidetza eredu eraginkorra, errepikagarria eta eragin handikoa dela aitortu du. Bi erakundeek ekintzailetzari laguntzeko ibilbide osoa antolatzen dute, batez ere langabezian, prekarietate-egoeran edo finantza-bazterkeriako egoeran daudenentzat. DEMAk talentua detektatzen  eta orientatzen du, eta aholkularitza eta prestakuntza eskaintzen ditu eta, beste alde batetik. aldi berean Bizkaia Mikrok mikrokreditu egokituak, finantza-laguntza eta jarraipen pertsonalizatua eskaintzen ditu. Ikuspegi partekatu honi esker ibilbide osoa eskaintzen da, hasierako ideiatik hasi eta negozioaren sendotzeraino, eta benetako alternatiba eskaintzen zaie finantzaketa tradizionala lortzeko aukerarik ez dutenei. 

Emaitzek eredua bermatzen dute. 2024an, Bizkaia Mikrok 62 mikrokreditu eman zituen, 1.726.500 euro guztira, hau da, aurreko urtearen aldean bolumena % 108 igo zen eta eragiketak % 59. Proiektuen % 35ek ez zuen banku-krediturik eskuratzen, eta % 95aren kasuan kapital soziala 100.000 eurotik beherako zen. Eragiketa bakoitzak 3,8 enplegu sortu zituen batez beste, eta guztira 235 lanpostu berri sortu ziren. AEMk gehien baloratu duen puntuetako bat mikrofinantzaketa publikotik abiatuta enplegua eta ekonomia erreala sortzeko gaitasun hau izan da. 

DEMAk, aldi berean, gazteen, emakumeen, migratzaileen eta bazterketa-arriskuan dauden pertsonen artean autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programen eskaintza indartu du. Enpresari programak, Lanbide Heziketako ikasleei zuzendutakoak, 390 negozio-ideia bildu zituen aurten; horietatik 128 garapen-fasera igaro dira, eta une honetan 12 enpresa erreal gisa ari dira lanean. Langabeak aktibatzera bideratutako Enplegu Anezkek % 62ko laneratze-tasa lortu dute 2016tik, eta 1.100 parte-hartzaile baino gehiago artatu dituzte. 

AEM Elkarteak bereziki baloratu ditu Bizkaiko ereduaren izaera multidimentsionala, lurralde-ainguratzea, ekintzaileen benetako beharretara egokitzeko gaitasuna eta ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko apustua. LHko zentroekin, gizarte-erakundeekin eta beste erakunde batzuekin sarean egindako lanari esker, abiatzeko zailtasunak dituzten kolektiboetara irits gaitezke, pertsona horien proiektuen anbizioa mugatu gabe. Gainera, ereduaren jasangarritasun ekonomikoaren logika nabarmendu du: emandako mikrokredituen zati handi bat berreskuratzean, Bizkaia Mikrok funtsak proiektu berrietan inbertitu ditzake, bere eragina gastu publikoa handitu gabe biderkatuz. 

Gaur egun, DEMAk eta Bizkaia Mikrok modu koordinatuan jarduten dute Foru Aldundiak bultzatutako Bizkaiko 2024-2029 aldirako II. Enplegu Lurralde Planaren esparruan. Plan honek lurraldean enplegua eta ekintzailetza sustatzeko ehun neurri baino gehiago aurreikusten ditu eta mikrofinantzaketa publikoa kohesiorako egiturazko tresna gisa aitortzen du. 2025erako Bizkaia Mikrok 80 kreditu-eragiketara iristea aurreikusten du, eta 2,5 milioi eurotik gorako zenbatekoa finantzaketan, zailtasun gehien dituzten kolektiboei lehentasuna emanez. 

AEM Elkartearen Batzarrak erakunde publikoen, inbertsio-sare sozialen eta hirugarren sektoreko erakundeen aurrean gauza nabarmen bat ikustarazteko eta ulertarazteko balio izan du:  arlo publikotik abiatuta zilegi dela ekosistema ekintzaile sendo, irisgarri eta inpaktu ekonomiko eta soziala duen ekosistema diseinatzea. Bizkaiko esperientziak baieztatzen du ekintzailetza inklusiboak, posible izateaz gain, enplegua sortzen duela, ibilbide pertsonalak duintzen dituela eta lurraldearen garapen orekatuari laguntzen diola. Bizkaiko Foru Aldundiak eredu hau bultzatzen jarraituko du, ekonomia inklusiboago, erresilienteago eta ekitatiboago baterako egiturazko tresna gisa.