Actualidad Dema

Entrena Empleon izena emateko azken egunak, zaintzan edo amatasunean aritu ondoren lanik ez duten emakumeentzako programa
  • ‘Entrena Empleo’ proiektu pilotua da, eta martxoaren 11ra arte du zabalik izena emateko epea.
  • Santa Maria La Real Fundazioak DEMA Foru Agentziarekin eta Europako Gizarte Funtsaren laguntzarekin garatzen du ekimen hau.
  • Emakumeek aurrez aurreko eta online jarduerak izango dituzte lana hobeto bilatzeko

Bilbo, 2022ko otsailaren 25a. DEMA – Enplegu eta Ekintzailetzaren Foru Agentziak Santa María La Real Fundazioarekin elkarlanean jarduten du Europako Gizarte Funtsak babestutako ‘Entrena Empleo’, programa pilotuan. Programa hau zaintzan jardun edo ama  izan ondoren lanik ez duten emakumeentzat da eta martxoaren 11ra arte dago irekita aurrez izena emateko epea.

‘Entrena Empleo’ proiektuaren xedea ama izan edo senideen zaintzan aritu ondoren iraupen luzeko langabezian (etenik gabe urtebete baino gehiago langabezian) eta lan-merkatuarekiko deskonektatuta dauden emakumeen enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzea da.

Erabat doakoa den programan parte hartu nahi duten emakumeek martxoaren 11ra arte izango dute izena emateko formularioa betetzeko. Formulario hori https://www.entrenaempleo.org/es/inscribete web orrian  dago.

Bilboko lehen proiektu pilotuan 20 plaza prestatuko dira, 18 eta 60 urte bitarteko emakumeentzat, iraupen luzeko langabezian badaude eta senitartekoak (aurrekoak edo ondorengoak) badituzte euren kargu eta zaintzapean.

Horien guztien artean lehentasuna izango dute premia bereziak dituzten kolektibo jakin batzuek, ama bakarreko familiek adibidez. Parte hartuko duten emakumeek Santa María la Real Fundazioko adituen laguntza eta aholkularitza izango dute hiru hilabete hauetan  egungo lan-merkatuan lana bilatzeko plan integrala bultzatzeko. Astean hiru egunetan aurrez aurreko bileretara eta/edo bilera birtualetara joango dira (9:30etatik 13:30etara), lan-orientazioko jarduerak garatzeko; jarduera horiei esker lana bilatzeko estrategia berraktibatzeko, zeharkako gaitasunak eta trebetasun digitalak indartzeko, posizionamendua hobetzeko eta laneratzea sustatzeko aukera izango dute.

Ekimena beste sei autonomia-erkidegotan ere garatzen da eta DEMA, Enpleguaren eta Ekintzailetzaren Foru Agentziaren lankidetza eta kofinantzaketa eta, halaber, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa du Gizarte Inklusiorako eta Gizarte Ekonomiako Programa Operatiboaren (POISES) barruko 6. lehentasunezko ardatzean.

Lehen urratsak 2021ean

“Entrena Empleo” programaren lehen fasea joan den urtean garatu zen, eta amatasunak edo senideen zaintzak eragindako iraupen luzeko langabeziak eragiten dituen ondorio psikosozialei eta horiek lan-merkatuan duten eraginari buruzko ikerketa soziala egitea izan zen.

Horretarako 2.000 inkesta baino gehiago egin zitzaizkien Kanarietako, Gaztela-Mantxako, Madrilgo Erkidegoko, Extremadurako, Galiziako eta Euskadiko iraupen luzeko emakume langabeei, bai eta 40 elkarrizketa gizarte-eragileekin eta bost eztabaida-talderekin ere.

Azterlanetik ondorioztatzen denez galdetutako emakumeen % 60,9k egunean bost ordu baino gehiago inbertitzen ditu adingabeak edo ardurapeko adinekoak zaintzen; eta familia-erantzukizun edo -karga horien ondorioz hamarretik zazpik ez du egunero lanik bilatzen.

Erakundeen sarea

Proiektuaren fase bakoitzerako ezarritako helburuekin batera, enpleguaren eta emakumearen arloetako ekimenetan lan egiten duten erakunde publiko eta pribatuen sarea sortzea sustatzen du Santa María la Real Fundazioak. Sare horren helburua esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea, sinergiak eta lankidetzak sortzea, eta iraupen luzeko langabezian dauden emakumeekin esku-hartze sozialean metodologia eta ekimen berritzaile berriak elkarrekin sortzen laguntzea.

Gaur egun hamaika erakunde daude atxikita, besteak beste Acción Contra el Hambre, Cáritas, CEAR, CEPAIM, Federación de Mujeres Progresistas eta Red Española de Entidades por el Empleo.

INSCRIPCIONES