Actualidad Dema

2022ko Sarekin Sarearen Osoko Bilkura egin da

Urtero bezalaxe, Sarekin Sareko eragile sustatzaileen osoko bilkura egin zen Bilbon, otsailaren 24an. Bizkaiko ekintzailetzaren inguruko eragileen ekosistema osatzen duen Sarekin Sarea 2018an eratu zen, Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak bultzatuta, eta DEMA Foru Agentziaren eskutik.

Topaketak amaitzear dagoen aldiaren emaitzak ezagutarazteko balio izan zuen, bai eta gaur egungo egoerarekin bat datozen gidalerroak eta helburuak planteatzeko ere, proiektu kolaboratiboari beste bultzada bat eman eta erronka berriei ekin ahal izateko.

Saioari hasiera emateko, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua mintzatu zen, eta, beste behin ere, adierazi zuen konfiantza osoa duela Sarean eta aurrera begira duen etorkizunean. “Bizkaia lurralde ekintzaile bihurtu behar dugu. Ekintzaile eta ekintzaile gehiago behar ditugu. Beste ekimen-eredu bat ere behar dugu. Eta beste enpresa-eredu bat. XXI. mendeko eredu bat. Inpaktuarekin. Ez  hain obsesionatua dibidenduak maximizatzearekin”, gehitu zuen.

Bestalde, Maria Victoria Riol DEMA Foru Agentziako zuzendari kudeatzaileak 2021eko jardueren balantzea egin zuen. Eta pozik agertu zen Sarekin Week Ekintzailetzaren II. Asterako ezarritako helburuak bete zirelako. 2021eko Sarekin Week «Ekin Arimarekin!» lelopean egin zen, eta helburu bat duen ekintzailetza izan zen ardatz nagusia. Astean zehar lortutako emaitzek eta izandako jarraipenak ekitaldia sendotzeko balio izan zuten, eta hortaz, esan daiteke jada erreferentziazko topaketa bat dela ekintzaile komunitatearentzat.

Bestalde, Beatriz Morcillo DEMAko Zerbitzu Orokorren zuzendariak 2022-2023 Ekintza Plana aurkeztu zuen, eta, azaldu zuenez, plan hori aurreko hilabeteetan egindako hausnarketa prozesutik ateratako ondorioetatik eta diagnostikotik abiatuta egin da.

Lan saioa

Jardunaldian, halaber, Antonio González Impact Hub erakundeko CEOak parte hartu zuen. Erakunde horrek prestakuntza eta hausnarketa prozesu bat egin zuen 2021ean, eta prozesu horrek balio izan zuen pandemiak behartuta egindako geldialdiaren ondoren Sarea berriz suspertzeko, eta, eragileen parte hartzearekin, Sarearen etorkizuneko erronkak lantzeko. Prozesu horretatik ateratako ondorioak abiapuntu bat izan ziren Ekintza Plan berriaren ildoak definitzeko, eta saioan, Ekintza Plana eragileen osoko bilkuran aurkeztu zen, adosteko. Horretarako, Impact Hubeko taldeak zuzendutako dinamika kolektibo bat egin zen saioaren amaieran, eta bertaratu guztiek parte hartu zuten, egin beharreko ekintzak xehetasun handiagoz definitzeko eta lehentasunak ezartzeko.