Gaur inauguratu da BECen, Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren esparruan, WORKinn gunea, talentua eta benetako enplegu-aukerak dituzten industria-enpresak lotzen dituen topagunea.
Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun diputatuak eta Mikel Torres lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak inauguratu dute.
Hitzaldian, diputatuak nabarmendu du industriak zeregin estrategikoa duela lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialean: “Industriak zerikusi handia du gure historiarekin, gure iraganarekin. Bizkaian garena gara, industria-lanari, hazkunde ekonomikoari eta gizarte-garapenari esker. Industria, garapen ekonomikoa eta gizarte-aurrerapena eskutik doazelako. “
“Horregatik, botere publikook industria gure hazkunde ekonomikoaren epizentroan kokatzeko baldintzak sortu behar ditugu. Eta, horretarako, funtsezkoa da industria-eremuan talentua sortzearen eta fidelizatzearen aldeko apustua egitea, horren mende baitago gure oraina eta gure etorkizuneko garapen ekonomiko eta soziala. “
DEMA WORKinn-en dago gaur eta bihar, stand propio batekin. Lidia García eta Esme Villa teknikariak hainbat ekimen ezagutzera ematen ari dira, hala nola, Lanzaderas de Empleo eta NegoziON, Bizkaian enplegu- eta ekintzailetza-aukera berriak sortzen pertsonei eta enpresei laguntzen dieten programak.
Agenda instituzionala Lanbidek antolatutako enpresa-gosari batekin hasi da. Bertan, Mikel Torres lehendakariordeak eta Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusiak hartu dute parte.
Gosarian izan dira Teresa Laespada, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun foru diputatua, Susana González, Enplegu zuzendaria; Gloria Mugica, DEMAko zuzendari kudeatzailea; eta Isabel Muela, DEMAko zuzendariordea. Jardunaldian zehar ibilbide instituzionala egin da BIEMH eta Workinn Talent Hub azoketan dauden enpresa industrialen standetan zehar.