Actualidad Dema

EMALAN PLUS programak 50 urtetik gorako emakumeei lagunduko die lana bilatzen
  • Programak langabezian edo enplegua hobetzeko egoeran dauden eta Bizkaian erroldatuta dauden eta erantzukizuneko lanpostu kualifikatuetan esperientzia frogatua duten 30 emakume artatuko ditu.
  • Marivi Riolek, DEMAko zuzendari kudeatzaileak, adierazi du plan honen helburua honakoa dela: “pertsona ahulekin lan egitea lan-merkatuan sartzeko, adibidez 50 urtetik gorako emakumeekin, euren une profesionalik onenean egonik ere eragozpen bikoitzari egin behar diotelako aurre, generoarena eta adinarena, erantzukizuneko postuak hartzeko”.

Bilbon, 2022ko martxoaren 9an. Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak, DEMA Enplegu eta Ekintzailetzaren Foru Agentziaren bitartez, 50 urtetik gorako emakume langabeei zuzendutako Laneratze-Laguntza Integraleko Programa jarri du abian.

EMALAN PLUS programak Bizkaian erroldatuta dauden eta langabezian edo enplegua hobetzeko egoeran dauden eta erantzukizuneko lanpostu kualifikatuetan egiaztatutako lan-esperientzia duten 30 emakumeri emango die laguntza. Lanpostu kualifikatu horien artean, besteak beste, edozein espezialitatetako zuzendaritzak, buruzagitzak, erdi-mailako agintariak edo lanpostu teknikoak sartzen dira.

Programak irauten duen 8 hilabeteetan parte-hartzaile bakoitzak enplegu profesionala, integrala eta intentsiboa lortzeko laguntza izango du. Lehenengo ekintzak lan-aktibaziora, trebetasun pertsonalen garapenera eta lan-orientaziora bideratuko dira, banakako eta taldeko aldizkako saioen bidez.

Programaren bigarren faseak enplegua bilatzeko ibilbideetan eta egiten diren hautaketa-prozesuetan jarraipen eta laguntza pertsonalizatua egitea proposatzen du, lan-kontratua itxi arte. Era berean, Bizkaiko enpresen artean eskaintzen diren hautagaitzak aztertuko dira eta horien enpresa-prospekzioa baloratuko da.

DEMAko zuzendari kudeatzaileak, Mariví Riolek, berretsi egin du Enpleguaren eta Ekintzailetzaren Foru Agentziak genero-ikuspegia duten politikak aurrera eramateko duen konpromisoa, hau da, kolektibo kalteberetan enplegua sustatzen dutenak, eta talde horien artean daude adineko emakumeak. “Funtsezkoa da langabeziaren kostu soziala murriztea; izan ere, 50 urtetik gorako emakumeok une profesionalik onenean gaude, aitortu eta baloratu beharreko jakintza eta gaitasunak baitauzkagu”.

Hala ere, Riolek esan duenez, laneratzearen eremuan “emakumeok lan-merkatuan sartzeko bi oztopo ditugu, adina eta emakume izatea bezalako bi baldintzengatik, eta oztopo hori handiagoa da erantzukizun-postuetan”. Horregatik, EMALAN PLUSek proiektu profesional berrietan lan-esperientzia luzea duten emakumeen talentua indartu nahi du.

DEMAK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioarekin lankidetzan garatu du programa hau. CEBEKek, bere elkarte sektorialak diren FVEM, AVEQ, CECOBI eta ASCOBI elkarteekin batera, lurralde honetako enpresen lanbide-profilen beharrak ezagutzen ditu eta programa hainbat ekintza dituzten enpresetara hurbilduko du. Programan laneratze-prozesuetan adituak diren aholkularitza-enpresa batzuek ere parte hartzen dute, eta laguntza integrala emango diete parte-hartzaileei.

Langabeziaren profila Bizkaian

Bizkaiker, Bizkaiko Enplegu Behatokiaren datuen arabera, 2021eko abenduan  lurraldean lanik ez zuten pertsonen % 52 iraupen luzeko langabeak ziren, eta horietatik % 59 emakumeak. Gainera, 45 urtetik gorako 10 langabetik 6 emakumeak dira. Ildo horretatik, DEMAko zuzendariak adierazi du “heldutasuna, lan-merkatuan sartzeko balio erantsia izan beharrean, bere esperientziagatik, kontaktuen sareagatik eta abarrengatik, ez dela ezaugarri baliagarritzat hartzen enpresa-sarean, eta egoera hori EMALAN PLUS bezalako programekin irauli behar dugula”.